donostiasansebastian.com

ataria
historia
donostia
palmaresa
kanporaketak
emaitzak
araudia
home
















DONOSTIA KULTURA
Enpresa Erakunde Publikoko Administrazio Kontseiluak, 2009ko uztailaren 27ko bilkuran, 2009ko Kontxako Banderaren deialdia egitea erabaki du. Deialdiak honako oinarri hauek kontuan hartuta

OINARRIAK

  • 1. Kontxako Banderaren Antolamendua.
    1.- DONOSTIA KULTURAk, hiriko Udalaren ordezkari gisa, “Kontxako Bandera” izeneko estropada antolatzeko eskuduntza du.

    2.- “Kontxako Bandera” lehiaketan sailkapen-probak zein finaleko estropadak sartzen dira.

  • 2. Donostiako tripulazioen arteko sailkapen-probarako data.
    Donostiako tripulazioen arteko sailkapen-proba 2009ko abuztuaren 17an, 19:00etan, egingo da, hala badagokio.

  • 3.- Sailkapen-proba orokorrerako data.
    Gainerako zazpi tripulazioak sailkatzeko proba abuztuaren 30ean, osteguna, 18:30ean egingo da.

  • 4.- Finaleko estropadak jokatzeko datak.
    Finaleko estropadak 2009ko irailaren 2an eta 9an egingo dira, eguerdiko 12:00etan.

  • 5. Antolakuntzaren laguntzaileak.
    DONOSTIA KULTURA, Kontxako Banderaren antolatzaile den aldetik, elkarlanerako hitzarmenak egin ditzake arraun-elkarteekin, kirol-federazioekin, arbitroen elkargoekin eta beste edozein erakunde publiko edo pribaturekin.

  • 6. Inskripzioak.
    1.- Estropadetan parte hartzeko inskripzioak 2009ko abuztuaren 21aren 12:00ak baino lehen egin beharko dira. Interesa duten tripulazioek idatziz aurkeztu beharko dituzte inskripzioak. Inskripzio-orriak, Donostiako DONOSTIA KULTURA EEPren bulegoetan (Konstituzio Plaza, 1 - 20003 Donostia), fax bidez 943.48.11.77 zenbakira bidali, edo posta elektronikoz, donostiakofestak@donostia.org helbidera igorrita aurkeztu ahal izango dituzte.

    2.- Lehiaketan parte hartu nahi duten tripulazioetako arraunlariek, dagokion federazioak emandako autonomia- eta/edo estatu-mailako lizentzia izan behar dute.

    3.- ARC ligan parte hartzen duten eta jada Gipuzkoako Lurralde Txapelketan parte hartu duten Gipuzkoako tripulazio guztiek hartu ahal izango dute parte.

    4.- Traineruen TKE liga osatzen duten tripulazio guztiek ere hartu ahal izango dute parte bertan.

    5.- Honakoek ere eskatu ahal izango dute inskripzioa:

    a.- Traineruen Espainiako Txapelketan 1. eta 2. Sailkatuek

    b.- Traineruen Euskadiko Txapelketan 1. eta 2. sailkatuek

    c.- TKE ligan parte hartzen ez duen arren, izena emateko dataren aurretik egindako estropadako Ligan puntuaziorik onena duen Galiziako tripulazioak.

    d.- TKE ligan parte hartzen ez duen arren, izena emateko dataren aurretik egindako estropadako ARC – 1 ligan edo bere baliokide den ligan puntuaziorik onena duen Kantabriako tripulazioak.

    e.- TKE ligan parte hartzen ez duten arren, inskripzioa amaitzeko dataren aurretik egindako azken jardunaldian ARC-1 ligan puntuazio onena lortu duten lehenengo hiru tripulazio bizkaitarrek.

    f.- Iparraldeko tripulazio batek. Tripulazio bat baino gehiago baldin badago, inskripzio-dataren aurretik egindako estropaden azken jardunaldian ARC-1 edo honen baliokide den ligako sailkapenean aurretik dagoenak hartu ahal izango du parte.

    g.- Goian aipatu diren ligetan parte hartzen duen Asturiasko tripulazioak. Tripulazio bat baino gehiago baldin badago, inskripzio-dataren aurretik egindako estropaden azken jardunaldian parte hartzen duten ligan puntuazio altuena duen traineruak hartu ahal izango du parte.

    6.- Bete beharreko baldintza izango da, kasu guztietan, izen ematea eskatzeko, dagokion lurraldeko edo probintziako ligan parte hartzea.

    7.- Arraun-elkarte bakoitzeko tripulazio batek soilik eman ahal izango du izena.

    8.- Tripulazioak estropadetan eramango duen kamisetaren kolorea jakinarazi beharko da inskripzio-eskaeran.

    9.- Kontxako Banderan inskribatzeak oinarri hauek eta Araudi honetako 18. Oinarrian ezarritako arautegiak oso-osorik onartzea dakar.
  • 7. Estropadetako organoak.
    Honakoak izango dira estropadetako organoak:

    a.- Estropadaren Antolakuntza Batzordea.
    Batzordeko kide izango dira DONOSTIA KULTURAko Lehendakaria eta Lehendakariordea, Donostia Kultura Festak-eko Zuzendari Teknikoa eta entitateak izendatutako gai honetan aditua den beste pertsona bat. DONOSTIA KULTURAk probaren antolamenduarekin zuzenean lotzen diren entitateei Batzordean parte hartzeko eska diezaieke, baldin eta entitate horiekin askotariko hitzarmenak sinatuta badituzte.

    b.- Estropadetako epaimahaia.
    DONOSTIA KULTURAko lehendakariak, Arraunketako Euskadiko Federakuntzak adierazitako arbitro-epaileen artean izendatuko ditu epaimahaiko kideak, beti ere Donostia Kultura Festak-eko Zuzendari Teknikoak proposatutakoari jarraituz. Epaimahai horrek estropadetan arau teknikoak eta kirol-arauak betetzen direla zaindu beharko du. Aitzitik, ez da bere eskumenekoa izango kaleen eta txanden zozketa egitea, ezta antzeko beste antolamendu-zeregin batzuk ere.

    Epaimahaiaren eta bertako kide bakoitzaren erabakiak berehala bete beharko dira.
    Txanda bakoitza amaitzean, parte hartu duten tripulazioek erreklamaziorik jarri ote duten egiaztatuko du Epaileak. Erreklamaziorik ez badago eta epaileak estropada ontzan ematen badu, bandera zuria altxatuko du. Lehorreko epaimahaiak, hala irizten badio, erabaki hori berretsiko du bandera zuria altxatuta, eta ziabogetako Epailearen egiaztapenaren zain geratuko dira.
    Estropada amaituta, Epaimahaiak akta idatziko du. Bertan, honako puntu hauek adieraziko dituzte:

    Izandako kirol-emaitzak.
    Egindako erreklamazioak, halakorik baleude.
    Gertakariak edo oharrak, halakorik baleude. Bereziki, estropadaren ondorioz gertatutako eta estropadaren antolakuntza-batzordeak ezagutu behar dituen gaiak aipatuko dira.

    Estropada bakoitzeko
    akta, Epaimahaiak izenpetu ondoren, estropadaren antolakuntza-batzordeari emango diote.

    Estropadan parte hartu duten klubetako ordezkariek akta eskatu ahal izango dute bertan jasotakoa ezagutzeko.

  • 8. Antolakuntza Batzordearen bilerak, estropaden aurretik.
    1.- Donostiako trainerua sailkatzeko probaren aurretik Antolakuntza Batzordeak egin beharreko bilkura abuztuaren 17an, 18:00etan, egingo da Donostiako Udaletxean, eta parte hartuko duten tripulazioetako ordezkariak izango dira bertan.

    2.- Sailkapen-proba orokorraren aurretik Antolakuntza Batzordeak egin beharreko bilkura abuztuaren 30ean, 16:30ean, egingo da Donostiako Udaletxean, eta parte hartuko duten tripulazioetako ordezkariak izango dira bertan.

    3.- Irailaren 2ko eta 9ko proben aurretik Antolakuntza Batzordeak egin beharreko bilkura egun horietan bertan 10:00etan egingo da Donostiako Udaletxean, eta parte hartuko duten tripulazioetako ordezkariak izango dira bertan.

  • 9. Tripulazioak
    1.- Tripulazio bakoitzak hamahiru arraunlari eta patroia izango ditu. Estropadaren jardunaldi batetik bestera arraunlariak aldatu nahi badira, aulki finkoko Estropadetarako Arautegian xedatzen denari jarraituko zaio, 18. oinarrian ezarritakoaren arabera.

    2.- Estropadaren ikusgarritasuna eta zuzentasuna zaintzeko, tripulazio guztiek beren tripulazioaren kamiseta jantzi beharko dute portuko arrapalatik irteten direnetik bertara iristen diren arte, hau da, izena emateko eskaeran adierazitako kolore bereko kamiseta eraman beharko dute. Salbuespen gisa, txandala edo antzeko ezaugarrietako kirol-arropa erabili ahal izango da, baldin eta baldintza klimatikoek edo kirol-baldintzek hala eskatzen badute. Haatik, arropa horietan babeslearen izena edo logotipoa, elkartearen izena, ordezkatzen duten herriaren izena eta traineruaren izena besterik ez da azalduko.

  • 10. Traineruak.
    1.- Estropadetan erabiltzen diren traineruek 18. oinarrian ezartzen denaren arabera aplikatzekoak diren arauak bete beharko dituzte pisuari, neurriei eta ezaugarriei dagokienez. Federakuntzako arau horiek ere aplikatzekoak izango dira traineruaren gainerako elementuei dagokienez (ordezko arraunei, palkei eta abar).

    2.- Elkarte parte-hartzaileei behar bezala jakinaraziko zaien egunean eta orduan pisatuko dira ontziak. Proba egiteko erabiliko den ontziratze-eremutik hurbil jarritako baskulan egingo da hori.

    3.- Traineruek beren izena eta ontziaren babeslearen izena izan dezakete idatzita, baita elkartearen eta ordezkatzen duten herriaren izenak ere.

    4.- Espresuki debekatzen da ontzietan edo arraunlarien gainean edo beren arropetan babeslearena ez den beste edozein inskripzio, pankarta, txartel edo elementu propagandistiko eramatea.

    5.- Kontxako Banderaren antolakuntzak, probaren garapena hobetzeko eta optimizatzeko, ontziek gailu teknikoren bat eramatea erabakitzen badu, parte hartzen duten klubek onartu egin beharko dute gailu tekniko horiek beren ontzietan jartzea. Baita ere onartuko beharko dute, beraien ontzietan audio edo/eta irudi elementuak jartzea. Mota honetako gailuak zein ontzik eraman behar duten, zozketa bidez erabakiko da estropadaren eguneko ordezkarien bileran.

  • 11. Donostiako traineruen sailkapena.
    1.- Donostiako traineruak sailkatzeko estropada irabazten duen trainerua sailkatuko da Kontxako Banderarako.

    2.- Traineru hori Deialdi honetako 4. oinarrian arautzen den proban lehiatuko da, eta proba horretan finaleko estropadetarako sailkatzen diren beste zazpi traineruekin arituko da, beti ere sailkapen-estropadaren aurreko igandean ARC-1 ligako aurreneko zortzi tripulazioen artean sailkatua badago.

    3.- Donostiako klub bakarra bertaratzen bada, automatikoki sailkatuko da Kontxako Banderan parte hartzeko, beti ere sailkapen-estropadaren aurreko igandean ARC-1 ligako aurreneko zortzi tripulazioen artean sailkatua badago.

    4.- Oinarri honetan adierazitako bidetik sailkapena lortu ez duten Donostiako klubek, estropaden aurretik egiten den sailkapen-estropadan parte hartu ahal izango dute.

  • 12. Aurretiazko sailkapen-estropada.
    1.- Kontxako Banderan parte hartzeko interesa duten tripulazioak guztira zazpi baino gehiago badira, Kontxako Banderako estropadan parte hartuko duten zazpi traineruak hautatzeko aurretiazko estropada egingo da.

    2.- Antolakuntza Batzordearen eta tripulazio bakoitzeko elkarteen ordezkarien arteko bilera egingo da araudi honetako 8.2. artikuluan aditzera eman den egunean eta orduan. Bilera horretan sailkapen-estropadari buruzko azken argibideak emango dira, eta elkarte bakoitzak zein arraunlarirekin hartuko duen parte jakinarazi beharko dio antolakuntzari, arraunlarien behin betiko zerrenda eman beharko dio.

    3.- Aurretiazko sailkapen-estropadaren amaierako sailkapeneko lehen zazpi tripulazioak hautatuko dira.
    Sailkatutako traineruak zortzi izango dira traineru donostiarren artean sailkatutako tripulazioak, 11. artikuluko 2. idatz-zatian jasotako baldintza ez betetzeagatik deialdi honetako 4. Oinarrian araututako proban lehiatu ezin badu.

    4.- Inskribatutako traineruen artean bi multzo egingo ditu Antolakuntza Batzordeak, eta, horretarako, traineruek denboraldi horretan erakutsi duten kirol-maila hartuko da kontuan.

    5.- Ondoren, multzoen irteera-ordena zozketatuko da, baita multzo bakoitzaren barruan tripulazioen irteera-ordena ere.

    6.- Proba lehenik kirol-maila txikiagoa duen multzoak egin behar badu, bi minutuko tartea utziko da bigarren multzoko traineruak irten baino lehen.

    7.- Multzo bakoitzaren barruan traineruak minututik minutura irtengo dira, eta gehienez hamabost segundoko tartea emango da irteteko.

    8.- Irteera eman den unetik hasiko da denbora zenbatzen.

    9.- Erlojuaren aurkako estropadak guztira (joan eta etorri) 3 miliako distantzia izango du, ibilbide bereko bi luzetan banatuta. Ziaboga bakar batean egingo da. Ziaboga ababorretik hartuko da.

    10.- Ibilbidean zehar erreferentziazko tarteko balizak jarriko dira eta ababorretik utziko dira.

    11.- Sailkatzeko aurretiazko estropadan, irteera eman eta lehen hogei segundoen barruan traineruren baten elementuren bat hausten bada, ezbehar hori izan duen trainerua azken posizioan irtengo da berriro. Ezbehar horren eraginpean dagoen tripulazioak dagokion txandako lehen traineruaren eta azken traineruaren irteeraren artean dagoen denbora izango du gehienez berriro irteteko.

  • 13. Finaleko estropadak prestatzea.
    1.- Aurretiazko sailkapen-estropada amaitu eta ordu erdira, sailkatutako tripulazioetako ordezkariekin bilera egingo da Donostiako Udalean, Kontxako Banderaren lehen proban tripulazioak zein txandatan irtengo diren zozketatzeko.

    2.- Balizen ordena, berriz, estropadak egingo diren egunean bertan zozketatuko da, betiere balizen egoera aztertu ondoren.

    3.- Lasterketa bakoitza hasi baino ordu erdi lehenago, dagokion kontrol-epaileak egingo duen ontziratze-kontrola pasatu beharko dute tripulazioek, egindako izen-ematea eta ontzi bakoitzeko tripulazioa bat datozen egiaztatzeko.

    4.- Estropadari hasiera emateko ordu ofiziala baino bost minutu lehenago egon beharko dute prest estropadan parte hartuko duten ontziek. Arau hori betetzen ez dutenei irteera nulua emango zaie.

    5.- Bi probak egingo diren egunean bertan, eta araudi honetako 8.2. artikuluan jakinarazten den lekuan eta orduan, Estropadaren Antolakuntza Batzordeak bilera egingo du parte hartuko duten tripulazioetako ordezkariekin.

  • 14. Estropadaren garapena.
    1.- Kontxako Banderaren finalean bi estropada egingo dira. Estropada bakoitzak, guztira (joan eta etorri), 3 itsas-miliako distantzia izango du, ibilbide bereko bi luzetan banatuta. Ziaboga ababorretik hartuko da.

    • Lehen estropada: iraileko lehen igandean egingo da, eta eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten traineru sailkatuek hartuko dute parte. Txandak eta balizak zozketatu egingo dira.

    • Bigarren estropada: Hurrengo igandean egingo da. Bigarren estropada horretako lehen txandan aurreneko estropadan denborarik txarrenak egin dituzten lau tripulazioek egingo dute arraun, eta bigarren txandan denborarik onenak egin dituzten beste lauek.

    2.- Probaren behin betiko sailkapena egiteko, ontzietako bakoitzak bi estropadetako ibilbidea osatzeko erabili duen denbora batuko da, eta bi estropaden batura egin ondoren denbora gutxien egin duen tripulazioak irabaziko du.

    3.- Bi igandeetako estropadetako bi txandatan, irteera eman eta hogei segundoko tartean traineruren bateko elementuren bat hautsiz gero, txanda gelditu egingo da, eta traineruan hautsitakoa konpondu ondoren, txandari bigarren irteera emango zaio. Hautsitako elementua egiaztatuta, epaileak, matxura izan duen trainerurik gabe txanda hastea erabaki ahal izango du.

    4.- Aurkako klimatologiagatik, edo ezohiko beste zirkunstantzia batengatik, estropadetakoren bat bertan behera utzi behar bada, Antolakuntza Batzordeari dagokio estropada hori zein egunetan eta ordutan egingo den erabakitzea. Orokorrean, eta Batzordeak kasuak kasu erabaki dezakeenaren kalterik gabe, berrogeita zortzi orduko epea ezartzen da lehen estropada egiteko, eta bigarrena hurrengo zazpi egunen barruan egin beharko da. Estropada eten egiten bada ere, probaren emaitzak bi estropadak egin ondoren erabakiko dira.

  • 15 Aurretiazko sailkapen-estropadan parte hartzen duten tripulazioentzako bidaia-sariak.
    Aurretiazko sailkapen-estropadan parte hartzen duten tripulazioek bidaia-saria jasoko dute. Bidaia-sari hori kalkulatzeko honako baremoa izango da kontuan:
    - Tripulazioaren jatorria Donostiatik gehienez 150 kilometrotara badago: 300 €
    - Tripulazioaren jatorria Donostiatik gehienez 400 kilometrotara badago: 500 €
    - Tripulazioaren jatorria Donostiatik gutxienez 400 kilometrotara badago: 700 €

  • 16. Estropadetako sariak.
    1.- Estropadetan parte hartzen duten tripulazioek honako sariak irabaziko dituzte:
    Lehen sailkatuak: Donostiako Bandera eta 21.000 €
    Bigarren sailkatuak: 15.000 €
    Hirugarren sailkatuak: 12.000 €
    Laugarren sailkatuak: 9.000 €
    Bosgarren sailkatuak: 7.000 €
    Seigarren sailkatuak: 6.000 €
    Zazpigarren sailkatuak: 5.000 €
    Zortzigarren sailkatuak: 5.000 €

    2.- Bandera bigarren estropada amaitu ondoren emango da Kontxako Badian bertan eta ontzi batetik. Gainerako sariak Donostiako Udaletxeko osoko bilkuren aretoan emango dira.

  • 17. Erantzukizunak.
    Estropadetan parte hartzen duten elkarteek, kirolariek, prestatzaileek eta gainerako pertsonek beren borondatez hartzen dituzte beren gain kirol-jarduera honen arriskuak, eta erakunde antolatzaileak ez du inolako obligaziorik proba egin aurretik, proban bertan edo probaren ondoren istripurik gertatzen bada, betiere antolakuntzari lepora dakiokeen errua edo arduragabekeria hauteman ezean.

  • 18. Araudia.
    1.- DONOSTIA KULTURAk ondoren aipatuko ditugun arauak aplikatuko ditu kirol-proba hauetarako:

    a.- 2006ko abenduaren 21eko Erabakia, Kirol Kontseilu Goreneko Lehendakaritzarena, debekatutako gai eta multzo farmakologikoen eta arauz kanpoko dopatze-metodoen zerrenda onartzen duena, eta 2009ko apirilaren 26ko Erabakia, Atzerri Gaietarako eta Kooperaziorako Ministerioaren Idazkaritza Nagusi Teknikoarena, I. eranskina aldatzeari buruzkoa, hots, kirolean substantzia eta metodo debekatuen zerrenda.

    b.- Arraunketako Espainiako Federakuntzako Dopatzea Kontrolatzeko Araudia, indarrean dagoena, Kirol Kontseilu Goreneko Zuzendaritza Batzordeak onartua.

    c.- Arraunketako Espainiako Federakuntzaren Aulki Finkoko Araudia, indarrean dagoena, Kirol Kontseilu Goreneko Zuzendaritza Batzordeak onartua.

    d.- Arraunketako Espainiako Federakuntzaren Kirol Diziplinako Araudia, indarrean dagoena, Kirol Kontseilu Goreneko Zuzendaritza Batzordeak onartua.
    Adierazitako araudia aplikatuta, honako berezitasun hauek hartuko dira kontuan:

    Txanden osaketa: Kontxako Banderako bi igandeetako txanda bakoitzean 4 ontzik hartu beharko dute parte gutxienez, ezinbesteko arrazoi batengatik eta/edo kanporatua izateagatik traineruren bat txandatik kanpo geratzen ez bada.

    Ibilbidea: Tripulazio bakoitzak, esleitu zaion kaletik joaten saiatu behar du. Ziaboga, kale bereko balizan egin behar du. Hala ere, Epailearen iritziz beste traineru bat oztopatzen ez badu, helmugara edozein kaletatik sartu ahal izango da.

    Irteera ustela: edozein ontzik lehen irteera ustela egiten badu, irteerako Epaileak hiru segundorekin zigortuko du. Bigarren irteera ustela eginez gero, trainerua deskalifikatu egingo dute.

    Homologazioa: Kontxako Banderan parte hartzen duten ontzien egileek, ontzi horiek homologatu behar dituzte. Homologazio-ziurtagiria, izena emateko inprimakiarekin batera, antolakuntzari aurkeztu beharko diote.

    Coaching: Ekipo elektriko, elektroniko edo bestelakoen (irratia,...) bitartez, arraunlariei edo taldeei aholkuak emateko baimena dute.

    - DONOSTIA KULTURAko lehendakariari dagokio, kirol-proba hauek behar bezala garatzeko beharrezko arau partikularrak eta arautegien egokitzapenak onartzea, betiere estropadaren antolamenduaren eta honako oinarri hauen arabera. Bere erabakien berri eman beharko dio Administrazio Kontseiluari, jakinaren gainean egon dadin. Halaber, www.donostia.org/donostiakofestak webgunean emango dira argitara.

  • 19. Diziplina-araubidea.
    - Diziplina-araubidea oinarri hauetako arau-hausteetara eta 18. oinarrian aditzera ematen diren arauetara zabaltzen da, eta Oinarri horretan adierazten den Kirol Diziplinako Arautegiari jarraituko zaio.

    - DONOSTIA KULTURAren diziplina-ahalmena erakunde horren lehendakaritzak gauzatuko du, betiere Donostia Kultura Festak erakundeko Zuzendari Teknikoak bideratuko duen espediente baten bitartez, eta kirol-diziplinako araubidearen berezko printzipioak eta bermeak errespetatuta.

    - Kirol-proba honetan izena eman duten eta, hortaz, oinarri hauek onartu dituzten kirolariei, prestatzaileei, elkarteei eta gainerako pertsona fisikoei edo juridikoei, aurreko oinarrian jasotako zigor-ahalmena ezarriko zaie.

    - Kirol-diziplinako araubidea erantzukizun zibilaren, penalaren edo bestelako erantzukizun baten kaltetan izan gabe aplikatuko da. Horiek, dagozkien arauen arabera beteko dira.

    - DONOSTIA KULTURAko lehendakaritzak emandako diziplina-erabakiak ezin izango dira errekurritu kirol-federakuntzen aurrean, ez eta Kirol Justiziako Euskal Batzordearen aurrean ere.

    - Kirol Diziplinako Arautegian aurreikusten diren eta Kontxako Banderari aplikatuko zaizkion zigorrez gain, DONOSTIA KULTURAko lehendakaritzak aurreikusitako sariak edo bide-sariak jasotzeko eskubidea murrizteko edo galtzeko zigorra ezar dezake. Zigor hori arau-haustearen larritasunaren arabera ezarriko da.
  • 20. Erreklamazioak edo aurka-egiteak
    Tripulazio batek txanda batean legez kanpoko gertakariak izan direla uste badu, patroiaren bitartez, Epaimahaiari erreklamazioa egin ahal izango dio 1200 €ko fidantza jarri ondoren.Erreklamazioa egin nahi duen klubeko ordezkariak, txanda amaitu eta hogeita hamar (30) minutuko epean, idatzi bat (horretarako prestatutako inprimaki ofizialean) aurkeztu beharko dio Epaimahaiari. Bertan, erreklamazioaren arrazoiak eta oinarriak adieraziko ditu, eta bere esku dauden eta egokiak iruditzen zaizkion frogak aurkeztuko ditu. Erreklamazioarekin batera 1.200 €ko fidantza jarri beharko du. Aurka-egiteak aurrera jarraitzen badu, fidantza erreklamatzaileari itzuliko zaio.

    Epaimahaiak, gertakariak aztertu ondoren, erreklamazioa aztertu eta hartutako erabakia erreklamatzaileari jakinaraziko dio, erreklamazioa aurkeztu eta gehienez hogeita hamar (30’’) minutuko epean.

  • 21. Arbitrajeari men egitea
    - Antolakuntza Batzordeak eta Estropadako Epaimahaiak hartutako erabakien ondoriozko eztabaidak, COEren Kirol Arbitrajearen Espainiako Auzitegian erabakiko dira. Bertan hartutako behin betiko erabakiak edo laudoak ez du bere aurka egiteko aukerarik emango.
    Klausula hau Hitzarmen Arbitrala bezala hartuko da, Arbitrajearen abenduaren 23ko 60/2003 Legearen 9. artikuluan aurreikusitako kasuetarako.

    - Arbitraje-eskaera, hiru laneguneko epean egin beharko da. Epe hori, jakinarazpena jasotzen den biharamunean hasiko da kontatzen.

  • 22. Oinarri hauen interpretazioa.
    Oinarri hauek eta 18. Oinarrian aipatzen diren arautegiak interpretatzean edo aplikatzean sor daitezkeen zalantzak edo egon daitezkeen hutsuneak DONOSTIA KULTURAko Lehendakaritzak ebatziko ditu. Erabaki horiek Administrazio Kontseiluari helaraziko zaizkio, jakinaren gainean egon dadin, eta www.donostia.org/donostiakofestak webgunean emango dira argitara.

  • 23. Epeak, datak, ordutegiak eta lekuak zehaztea.
    DONOSTIA KULTURAko Lehendakaritzari dagokio, ekitaldiak eta estropadak egiteko egunak, orduak eta lekuak zehaztea, baldin eta ezohiko gertakariengatik Oinarri hauetan ezarritako egutegia aldatu behar bada. Erabaki horiek Administrazio Kontseiluari helaraziko zaizkio, jakinaren gainean egon dadin, eta www.donostia.org/donostiakofestak webgunean emango dira argitara.